XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arramaiatzak 16

Ene bada, neska!

Batzu batzutan izaten dun hik ere atekeria bakoitza!

Nola eginen dion ba hori Pako gizajoari?

Haur baten kulparik ez duen gizonari?

Holakorik aipatzea ere, aipatze hutsa ere, gehiago egiten dun!

Zera esaten didan, Luisito edo delako senorito horretaz maitemindu hintzenanez geroztik jesus batean ere ezin eraman dunala hire senar gizajoa, ez dunala begien bistan ikusi ere egin nahi, eta gauez laztanka eta lausenguka hasten zainanean ohean, gaur probatu beharko dugu aspaldiko partez, Venusen edari gozo horretatik, Maria? jota bertan akatzeko moduko amorrazioa ematen dinala, eta biderik errazena beleno puska bat izanen ez ote litzaken, eta horrelako kontuak...

Nik uste horrelakoak emakume ezkondu guziek erabiltzen dituztela buruan noiz edo noiz, baina, gutun batean esatea, haundiagoa egin dun hik!

Ba al dakin zer istilu ekar lezaken gutun horrek deskuido santuan Pakoren eskutan eroriko balitz?

Jesus aita ta semea!